You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

-

Hermann Rupf, Fernand Léger-en Hosto berdeak (Natura hila) [Les feuilles vertes (Nature morte)], 1927
Argazkilaria: © Kurt Blum / Fotostiftung Schweiz.

Erakusketa

2016(e)ko azaroak 11 – 2017(e)ko apirilak 23

Hermann eta Margrit Rupf Suitzako lehen bildumatzaile pribatuak izan ziren arte abstraktua eta orduko artea haien bildumaren ardatz bihurtzen, bai eta haien irizpide pertsonalen araberako artelanak aukeratzen ere. Rupf Fundazioa 1954an sortu zuten, bildumaren artapena, irmoketa eta zabalketa ziurtatzeko, eta bilduma bera 1960ko hamarkadaren hasieran Kunstmuseum Bern museora igaro zen gordailuan. Etorkizunean eskuratzeak egiten segi zezaten, Rupftarrek haien ondare guztia eman zioten Fundazioari. Fundazioak azkenaldiko artea biltzen dihardu; hala ere, Hermann eta Margrit Rupfek eskuratutako lan bikainak —bildumaren mamia— aintzat hartzen ditu.

Erakusketa honetan Rupf Bildumaren 70 lan daude: artearen historian eragin handia izan duten XX. mendearen lehen erdialdeko artisten lanak —bestek beste, Pablo Picasso, Georges Braque, Juan Gris, Fernand Léger, Paul Klee eta Vasily Kandinsky— eta XX. mendearen bigarren erdialdetik gaur egunera ekoitzitako artista garaikideenak; bi multzo horiek elkarrekintzan daude.

305. Aretoa

Areto honetan Hermann Rupf-ek lagun eta arte-merkatari Daniel-Henry Kahnweiler-i Parisen erositako lehenengo lanak daude, 1907 eta 1908 artean eskuratutakoak. Rupf eta Kanhweiler Franfurteko Commerz-und Disconto-Bank-en ikasi zuten eta 1902 eta 1904 artean Parisen izan ziren, Kahnweiler burtsako artekari-laguntzaile moduan eta Rupf Jacques Meyer Fils & Cie enpresan (gaur egun, Galeries Lafayette). Literaturarekiko eta musikarekiko interesa zuten biek eta elkarrekin joaten ziren antzezlanak eta kontzertuak ikustera. Louvre Museoan ematen zuten denbora, baita hainbat erakusketa-aretotan, arte klasikoa eta modernoak liluratuta. Ondoren, Rupf berriro ere atzerrira joan zen, Londresera, eta 1905ean Bernara, jaioterrira, itzuli zen. Bertan koinatu Ruedi Hossmann-en mertzerian lanean hasi zen, 1908an bazkide bihurtu zen —“Hossmann & Rupf”— eta 1910ean Margrit Wirzekin ezkondu zen.

Bilduma osatzen hasi ziren Rupftarrak, haien irizpideei jarraiki; nolanahi ere, Parisen zegoen Daniel-Henry Kahnweiler-en laguntza berebizikoa izan zuten. Haren galeriaren bidez erosi ahal izan zituzten Fernand Léger-en, Juan Gris-en eta gerora André Massonen lan-multzoak. Kahnweilerren eta Rupf-en laguntasuna luzea, bizi osokoa, izan zela erakusten dute gorde diren 800 eskutitz inguruk.

Rupf maiz joaten zen Parisera dendarako salgaiak erostera eta bertan Kahnweilerrekin biltzen zen haren galerian; batzuetan artistak bisitatzera joaten ziren. Jadanik 1907an Pablo Picassoren, Georges Braqueren eta artista fauvisten lanak, Othon Friesz eta André Derainenak, besteak beste, erosi zituen. Lehen Mundu Gerra hasi arte, bilduma handitzen joan zen eta 30 artelan aukeratuen multzo bikaina osatu zuen; lan gehienak kubistak ziren.

Areto honetan aipatzekoa da Florian Slotawa-ren Bernako oinak (2010) instalazioa. Artelan berri bat egiteko arretaz aztertu zuen artistak Hermann eta Margrit Rupf Bilduma —artelanak eta historia— eta lau eskultura hautatu zituen —Hans Arp, Max Fueter, Henri Laurens eta Ewald Mataré artisten bana—. Bildumaren adierazgarri diren artelan bakoitzerako oina diseinatu zuen Slotawak, bikotearen etxeko altzariak erabiliz.

306. Aretoa

Lehen Mundu Gerraren ondorengo urteetan, Rupftarrak bildumagintzan segitu zuten. 1920ko hamarkadaren hasieran, Georges Braque, André Derain, Juan Gris, Henri Laurens, Fernand Léger, Paul Klee eta Louis Moillet artisten azken lanak erosi zituzten. Gerra aurretik moduan, artistek sortu eta gutxira eskuratzen zituzten obrak.

Ordutik aurrera, Kahnweilerrek ezin izan zituen artista guztiekin harremanak gorde. Hala ere, beste artista batzuekin hasi zen lanean, esaterako, Paul Kleerekin; Rupfen laguntzari esker, 1933an artista atzerrian ordezkatzea lortu zuen.

Areto honetan Juan Grisen artearen garapena ikus daiteke, 1913tik 1925era, eta 1913ko Picassoren Biolina horman zintzilik (Biolina) lanarekin aldera daiteke. Beste artista batzuk ere badaude eta artelanen kokapenari esker horiekin loturak ezartzen dira, besteak beste Fernand Léger —hemen ikusgai Formen kontrasteak— eta Henri Laurens. Azken horren artegintzaren eboluzioa ere agerian dago eraskuketako lanen hautaketan: hasierako lan kubistak eta geroko bolumen handiko eskulturak, emakumearen irudian arreta jartzen dutenak, aurki ditzakegu.

XX. mendeko artetik egiten ari garen bidaia honetan, orain gutxiko eskultura bat ere badago: Titulurik gabea, 85–065 zk, 1985. Abstraktua da, aluminiozkoa, eta horma batean muntatzekoa. Juddek 1983 eta 1990 artean egindako modulu bidezko eta kolore biziko artelanen multzokoa da. Modulu guztiek altuera, sakonera eta zabalera bera dute. Koloreak aukeratzean, artista ez zen saiatu konbinazio “harmoniko”rik ezta “disonante”rik egiten.

307. Aretoa

Hermann eta Margrit Rupf eta Paul eta Lily Klee adiskide minak ziren eta bildumagileek aldiro-aldiro erosi zizkioten artelanak suitzako artistari 1913. urtea ezkero. Gerora, naziek Klee irakasle zegoen Dessauko Bauhaus eskola itxi eta haren lana “gizagaldutako artetzat” jo zuten, eta, ondorioz, artistak Bernara itzuli behar izan zuen.

Bernako beste hainbat artista, zientzialari eta musikari lagundu zituzten Rupftarrak eta Hermann Rupf gogotsu aritu zen arte kritikak idazten hiri horretan arte garaikidearen ezagutza bultzatzeko. Esate baterako, 1909 eta 1931 urteen bitartean Berner Tagwacht astekari sozialdemokratan kritikak idatzi zituen bere garaiko kultur politika kontserbadorea salatuz eta arte garaikidea ulertarazteko ahaleginak areagotzeko eskatuz.

Kleeri esker, Rupftarrak Kandinsky eta haren emazte Nina ezagutu zituzten 1930eko hamarkadaren hasieran. Rupftarrak eta Kandinskytarrak maiz ibili ziren elkar hurrengo urteetan eta Vasily 1944. urtean zendu ostean ere Nina Kandinsky Rupftarren adiskidea izaten jarraitu zuen. Vasily Kandinsky bizirik zegoen bitartean artelan bakarra erosi zioten Rupftarrek 1935. urteko udazkenean, Tentsio lasaia (Tentsio arina) delakoa, urte horretan bertan egindakoa. Gerora nekez sartu ziren Rupf bilduman Kandinskyren beste lan batzuk, guztira egun dituen 16ak bildu arte. Erakusketan ikusgai dauden sei lanak 1916 eta 1940 urteen bitarteko aldia hartzen dute, hau da, aldi baterako Errusiara bueltatu zen unetik Parisen egin zituen azkeneko lanetaraino.

Hans Arpen, Meret Oppenheimen, Lucio Fontanaren eta Zero taldearen lanek, besteak beste, erakusketari bukaera ematen diote eta hura osatzen dute. Areto honetako lanen bidez ikus daiteke Rupf Bilduma ez dela amaitutako bilduma bat, etengabe garatzen ari dela eta hasieran erositako lanen jarraipena dela; izan ere, bilduma hasi zutenetik, arte konstruktibistaren eta kontzeptualaren aldeko joera erakutsi zuten Rupftarrek.



Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean